Prestakuntza-programaren testuingurua

Zergatik Lankidetzazko Gobernantza, eta zergatik Gipuzkoatik

Prestakuntza-programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Etorkizuna Erakiz Estrategiaren esparruan – Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia politikaren eta politika publikoen kudeaketan berrikuntza bultzatzeko, balio publikoa sortzeko eta demokrazia sendotzeko.

Etorkizuna Eraikiz eta lankidetzazko gobernantzaren sustapena Gipuzkoatik eta Euskaditik  zergatik egiten den ulertzeko, lurraldearen zenbait aurrekari ulertu behar dira, baita tradizio komunitarioa, parte-hartze demokratikoaren kultura eta lurraldeko kapital soziala ere, beste eskualde askotatik bereizten baitute.

Gipuzkoako eredua, ibilbide sendoa

Markel Olano | Gipuzkoako Diputatu Nagusia (2007-2011, 2015-2023)

Gipuzkoako eredua” deiturikoa Gipuzkoako eredua luze-zabal baliatzen den termino bihurtu da; izan ere, “lankidetzaren” ideiak eta praktikak garrantzi historikoa izan dute lurraldearen bizitza ekonomikoa, soziala eta politikoa instituzionalizatzeko, guztia ere asoziazionismora, lotura komunitariora eta kapital sozialaren maila handi batera bideratutako orientazio kultural nabarmenaren ondorioz. Lurraldearen nortasun sendo eta bereizi horren isla da, halaber, eredu sozioekonomiko propioa, lurraldearen bereizgarri gisa har daitekeena eta “Gipuzkoako eredu” deitu izan dena. Eredu horrek arrakastaz uztartzen ditu aberastasuna sortzea eta gizartea babestea, eta lurralde orekatua eta komunitate kohesionatua bultzatzen ditu, guztia ere euskal kultura eta euskara erdigunean ipinita. Esparru sozialean, eredu sozioekonomiko horri esker, Gipuzkoa best-in-class gisa har daiteke desberdintasun sozialari dagokionez; hau da, kohesio ekonomiko eta sozial handiko komunitatea da. Gipuzkoak 25,3ko Gini indizea du —hori da desberdintasun soziala neurtzeko adierazlerik erabiliena—, Europar Batasuneko (EB28) batezbestekoa baino 5,4 puntu txikiagoa. AROPE tasari dagokionez — pobrezia eta gizarte bazterketako arriskua adierazten ditu—, % 19,2koa da Gipuzkoan, Europako batezbestekoa baino ehuneko 3,2 puntu txikiagoa. Gipuzkoako gizarteak ulertzen du zer-nolako balioa duten erantzukizunak eta elkartasunak aberastasuna banatzerakoan, eta, oro har, gizarte aktiboa eta inplikatua da. Kapital sozial garrantzitsua ez ezik, gizarte zibil antolatua, aberatsa eta askotarikoa ere baditu. Horren erakusgarri, hainbat alorretan boluntariotza lanak egiten dituzten 4.500 elkarte daude lurraldean, eta horietatik laurdenak inguru hirugarren sektorean aritzen dira. Horretaz gainera, 40.000 gipuzkoarrek (biztanleriaren % 6) boluntario gisa aritzen dira. Era berean, hezkuntza maila handiko gizartea da Gipuzkoakoa: Biztanleriaren % 43k bigarren edo hirugarren mailako ikasketak egin ditu edo egiten dihardu Ekonomiari dagokionez, Gipuzkoako eredua funts industrial sendo batean oinarritzen da, eta industria sektorea da barne produktu gordinaren % 31 (industria+ eraikuntza). Gipuzkoako enpresa ehuna ETEetan oinarritzen da batez ere —lurraldeko enpresen % 99 dira—, guztiak ere izaera berritzaile nabarmenarekin eta merkatu globaletan lehiatzeko gaitasunarekin. Izan ere, eskualdeak mundu mailako enpresa liderrak ditu hainbat esparrutan, hala nola mugikortasun eredu berrian edo biozientzietan. Berrikuntzari dagokionez, lurraldeko I+Gko gastua barne produktu gordinaren % 2,63koa da, Europako batezbestekoa baino nabarmen handiagoa (+% 0,04). Gainera, lurraldeak erreferentziazko ekosistema enpresarial, industrial, berritzaile eta teknologikoa du: enpresa, kluster eta eragilez ez ezik, jakintza, hezkuntza eta berrikuntza zentroz osaturiko sare bat. Lurraldearen beste ezaugarrietako bat da eredu kooperatibo ezohikoa duela, eta munduko kooperatiba industrialik handiena daukala (Mondragon Korporazioa). 2021ean, lurraldeak 782 kooperatiba zituen, zeinek 27.755 pertsona enplegatzen baitzituzten, lurraldeko langile guztien % 10 inguru.

Kultura politikoaren eraldaketarako esparru orokorra: Etorkizuna Eraikiz

Kultura politiko berri baten eraikuntza Gipuzkoan Kontzeptuak, metodologia eta esperientziak

Xabier Barandiaran Irastorza | Deustuko Unibertsitateko irakaslea / Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko burua (2007-2011 eta 2015-2019) / Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Aholkularia (2019-2023)

Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen agenda politikoari eta erronka estrategiko garrantzitsuenei lankidetzazko gobernantzaren bidez aurre egiteko garatutako estrategia bat da.

Helburua da ikuspegi ireki eta partaidetzazko batetik politika publikoak garatzea, gizartearekin batera. Etorkizuna Eraikiz herritarrak engaiatzeko modu bat ere bada. Gonbidapen bat da, etorkizuna batera diseinatzeko premisa honetatik abiatuta: bihar gaur hasten da. Estrategia horrek behartu egiten ditu politikariak berrikastera eta teoria eta burokrazia alde batera uztera egiazko egoeretan egiazko irtenbideak aplikatzeko. Beste era batera kudeatzera behartzen du, gobernantza ireki eta lankidetzazko eredu berri baten bidez, zeinak antolakundeak, enpresak, elkarteak eta unibertsitateak engaiatuko dituen, batera lan egin dezaten etorkizun berdinzaleagoa lortzeko guztiontzat. Asmoa da eredu bat eratzea, herritar guztien hitzari entzungo diona eta beharrezko egiturak ezarriko dituena harekin jarduteko. Azken finean, erantzun berriak topatzeko lan egiten duen eredu bat, Gipuzkoaren lankidetza eta talde lan balioak abiapuntu hartuta, lurraldearen bereizgarriak direnak eta gaur egun denera heltzeko aukera eman diotenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak honela definitzen du estrategia hori:

“Gobernantza irekia eta lankidetzazkoa gobernuek “politika egiteko” aurkeztu duten proposamen bat da, duela zenbait hamarkada indartsu agertu zena. Etorkizuna Eraikizen helburua da guztiok elkarrekin Gipuzkoako lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea, horiei aurre egiteko modua diseinatzea, ingurune errealetan ezar litezkeen erantzunak esperimentatzea, askotariko eragileekin lankidetzan, eta emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoen ekosisteman txertatzea”.

Gipuzkoako Foru Aldundia
2019

Etorkizuna Eraikizen jatorrizko ideia da etorkizunean aurre egin beharreko erronka demografiko, ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen handitasunari indar egiteko moduak ezarriko dituela Gipuzkoako epe ertain eta luzeko eredu sozial eta ekonomikoaren oinarriak.

ETORKIZUNA ERAIKIZEN PRINTZIPIOAK

Etorkizuna Eraikiz lau printzipiotan oinarritzen da, eta haiek ematen diote zentzua garapen osoari: 

Programa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta hura da haren liderra. Programa sustatzen eta finantzatzen duen eragile gisa jarduten du, eta, gainera, haren garapenean hartzen du parte, aktiboki. Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa azaldu du programarekin, ez soilik eragileen arteko antolakuntza eta interakzioa erraztuz, baita deliberazio prozesuak instituzioaren politika publikoen garapenarekin lotuta egotearekin hartutako konpromisoaren bitartez ere. Konpromiso instituzionala ez da soilik bokazioaren eta lidergozjokatzearen bitartez islatzen, baita programaren eraldatzeko gaitasuna duela sinestean eta epe ertain eta luzerako jasangarritasunaren aldeko apustuan ere. Ekintzaile instituzionalek (politikariek) aldaketa sistemikoa erraztu behar dute, eta, horretarako, instituzioen eta gizartearen arteko harremanak birdefinitzeko aukera emango duten egiturak eta plataformak sortu behar dira. Hau da, sistema instituzionalaren eraldaketa bultzatu beharra dago, gobernantza eredu berrietarantz. 

Programak oinarritzat hartzen ditu lurraldearen zenbait ezaugarri, haren garapena errazten dutenak. Gipuzkoa oso eskualde dinamikoz eta aurreratuz osatutako lurralde bat da, haien baliabide eta azpiegitura sozioekonomikoei dagokienez, eta elkarte sare handia du. Horrek agerian jartzen du lurraldean dagoen partaidetzaren eta trukearen gaitasuna eta kultura. Halaber, ekimen sozial handiko lurraldea da. Kooperatiben mugimendua oso garatuta dago lurraldean, eta ekimen sozialaren adierazpen historiko garrantzitsuenetako bat da. Ekimen sozial horrek oraindik ere badu adierazpena eremu kultural, sozial edo ekonomikoetan; lurraldean aintzatetsi egiten dira nahikoa zabalduta dauden herritarren kolaborazio eta interakzio jarrerak eta esperientziak, era partekatuan, kapital sozial handikoan, erronkei aurre egiteko eta horiek ebazteko gaitasun handikoak.

Testuinguru irekiaren ideiak iradokitzen du eragile eta agentzia ugarik hartzen dutela esku, eta horrek kooperazio prozesuari zentzua ematen diola, eta itxura ematen diela lor daitezkeen emaitzei. Ulertzeko era ireki horretarako beharrezkoa da ikastea eta esperientzia kolektiboak orientatzeko, banatzeko eta zabaltzeko gaitasuna. Berezko izaera dela eta, esparru publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioak berekin dakar hainbat kulturaren eta antolakuntza esperientziaren arteko interakzioa eta, horrenbestez, ikaskuntza prozesu bihurtzen da, oztopoak gainditu behar dituena eta ezberdinen arteko lankidetza errutina bihurtu behar duena.

Etorkizuna Eraikiz programa, demokrazia, konfiantza eta balio publikoa eratzen duenez, ezinbestean kokatu behar da alderdikeria politikoaren gainetik. Kudeaketa administratiboko eta gobernantza politikoko eredu bat planteatu behar du, gai izango dena herritarren, bitarteko agentzia sozialen eta instituzio publikoen arteko hurbileko lankidetza harreman berri bat sustatzen eta egonkortzen, eta honako hauek indartuko dituena: demokrazia eta konfiantza publikoa; ondasun publikoak (ukigarriak eta ukiezinak) eta, zentzu horretan, balio publikoa sortzeko gai diren emaitzak lortzea eta, azkenik, politika publikoak eraldatzeko gaitasuna sortzea, bai haiek ulertzeko, sortzeko eta garatzeko eran.

ZURI ZUZENDUTAKO FORMAKUNTZA DA?

Edit Template

Promovido por:

Impartido por:

Diseñado y facilitado por:

Edit Template